XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibon Sarasola eta Peillenen sarrera-hitzaldiekin. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren XXXIV alea kaleratu da

Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren bigarren aldiko XXXIV alea kaleratu da.

1989ko bilera, euskaltzain berrien sarrera-hitzaldi eta zenbait txosten biltzen dira ale honetan.

Besteak beste, Ibon Sarasola eta Txomin Peillenen sarrera-hitzaldiak eta erantzunak.

Aipatutakoez gainera, Juan Antonio Ubillosen II mendeurrenean Billabonan egin ziren hitzaldiak.

Onomasticon Vasconiae liburuaren aurkezpena, gai jakinei buruzko txostenak, batzarretako agiriak, kargu berritzeak, euskaltzain oso, urgazle eta ohorezkoen zerrendak eta helbideak dakartza.

Besteak beste, Jesus Maria Leizaola, lehendakari zaharrak eta Eugéne Goyheche historilariak euskararen alde egindako lanen berri ematen da.

Euskaltzainen bat hiltzen denean, bizitzan egin zituen lanen berri ematen da beti Euskaltzaindiaren batzarrean.

Ale honetan, bi jaun horiei buruzko argibiderik eta xehetasunik aurkituko du irakurleak.

Euskerazaintza XI zenbakia argitaratu da.

Euskeraren erri akademiak, bere aldetik, Euskerazaintzaizeneko aldizkariaren XI zenbakia kaleratu du.

Etxeberriatar Patxi, Garmendia-Kortaditar Jon, Materola eta Zeleta zenen goratzarreak, euskerazko izenak Erdiaroko idazkeran, Goi-Yakintzaruntz urbiltzeko.

Filosofi gaietarako iztegi txikia, Latiegi`ren Elizaren Historia eun urtez.

Ni naiz eta i aiz, Hren arauak, Akatsak eta erderakadak, Aetzen Uskaraz, , eta Kresalako Itxas berbak aztertzen dituzte ale hontan, Gaztañaga, Latiegi, Urrestarazu, Arrinda, Zatarain, Etxaburu, Cabodevilla eta Sabin Muniategik.

UNESCOren Albistaria UNESCOren Albistariak arrotzari munduan zehar eskaini ohi zaion abegi eta ostatuaz burutu du apirileko alea.

Antzinako Grezian arrotzak jainkoen babesa zeukala uste zen, eta uste horri zegokion harrera egiten zitzaion.

Indian ere, gaur egun, nekazal gizartean, jainkoei dagokien ongietorria egiten zaio arrotzari.

Desertuko beduinoen artean, ostalariak eta bere klan osoak babesten du....

Gaur egun zer gelditzen da antzinako ospitalitate hartatik? galdetzen du, praktikan, arrotzak eta kanpotarrak ulermen falta eta mezprezuaren biktima bait dira maizegi ostatu emaile diren gizarteetan.

Joseph Chelhod soziologo eta antropologo siriarrak, Georges Losowski literatur kritiko eta itzultzaile poloniarrak, Babacar Fall irasle senegaldarrak, André Kédros idazle greziarrak, Yann Richard, iraniar kulturaren ikerleak, Gregorio Manzur, argentinar idazle eta kazetariak eta José Augusto Seabra, olerkari eta entsegulari portugesak aztertzen dute atzerritarrari, han eta hemen, eskaintzen zaion abegia.